2007-05-21

Ariketa posiblea

Lehenik eta behin, umearekin batera urduritasuna suposatzen duten egoeren zerrenda bat egingo dugu. Egoerak non,normalean umeak jendearekin gaizki bukatzen duen. Adibidez:



- Jantokian itxaroten egoten direnean
- Txango bat dutenean
- Ariketak zuzentzeko ilada itxaroten dutenean
- Azterketa bat dagoenean eta egiten duten bitartean
- Jolasten uzten ez diotenean
- Notak emateko orduan
- Autobusean aspertzen denean

Ondoren, egoera hauetan kanporatzen dituen jarrera desegokiak zergatik agertzen diren aztertuko dugu. Hau da, gogoeta bat egingo dugu. Aurretik aipatu dugun bezala, autokontrol gutxi daukate ume hauek eta bere buruarekin hitzegiteko zailtasunak aurkezten dituzte, beraz hemen gure laguntza behar-beharrezkoa da.

Orain zergatik jokatzen du era horretan pentsatu ostean hurrengo esaldia azaldu eta ulertarazi beharko diogu: “Arazoak ez edukitzeko modurik onena egoera arriskutsuak eta jostailu arriskutsuak ekiditzean datza”. Horretarako egoera bakoitzeko irtenbide bat bilatu beharko dugu. Irtenbide errealak eta egingarriak izan behar dira, zortzi urteko ume batek ulertu eta bideratu ahal dituenak.

2007-05-19

Daniren kasua

Dani 8 urteko umea da. Bere guraso, bere aitaren gurasoekin eta bere arreba txikiarekin bizi da baserri batean. Txikitatik asko mugitu da eta lo gutxi egin du. Betidanik jostailuak apurtu ditu eta beste umeekin jolasteko orduan arazoak izaten ditu ez dituelako jolasen arauak betetzen (pazientzia gutxi bait dauka).

Danirentzat klasera joatea tormentu bat bilakatu da. Alde batetik, irakurketa zein idazmenean arazoak ditu, besteei baino gehiago kostatzen baitzaio. Glasean erraz galtzen du arreta, etxekolanak egitea ahazten du eta askotan ariketak amaitu gabe uzten ditu.

Beste alde batetik, ikaskideen aldetik bazterketa jasatzen du. Besteek jolasten duten bitartean Danik molestatu baino ez duela egiten diote. Gainera ez daki bere txanda itxoiten eta azkar haserretzen da. Jolas berberean ezin da denbora askorik egon, erraz aspertzen delako eta era oldarkorrean jokatzen du gehienetan.

Etxean gauzak ez daude askoz hobeto. Bere arreba txikiarekin (6 urte), ez da ondo konpontzen. Neskatoak negar egiten duen guztietan, amak Daniri ematen dio errua, zer gertatu den galdetu eta jakin gabe.

Aita beti dabil lanpetuta eta ez du bere semearen hazkuntza jarraitu, beraz, ama bakarrik sentitzen da. Aitonak eta amonak ere ez dute asko laguntzen, neskatoaren alde jartzen dira beti eta Dani ume “bihurria” baino ez dela uzte dute. Honez gain, amak semearen hezkuntzan huts egin duela diote.

Daniren aurtengo irakasleak bere jarrera ilusita erabaki du bere amarekin hitzegitea eta eskolako pedagogak Daniri froga batzuk egiten uzteko eskatzea. Ama esperantzak galduta dago eta onartu egiten ditu froga horiek.

Pedagogak irakasleak sumatzen zuena baieztatu du: Danik arreta nahasketa dauka hiperaktibitatearekin. Etxean tratamendu bimodala aukeratzea erabaki dute, hau da, botikak eta terapia psikologikoa batera lantzea.

Daniren familiak konpromisua hartu du eta eskolan zein terapian egiten dena jarraitu ez ezik, etxean ere landuko dute, haien parte-hartze aktiboa guztiz beharrezkoa baita.

2007-05-18

Arreta nahastea

TDA: Trastorno por Déficit de Atención

Definizioa

Arreta eskatzen duten zenbait aktibitateen aurrean arreta mantentzeko arazoak izatean TDA baten aurrean egon gaitezke. Arreta eza, hiperaktibitatea eta inpultsibitatea dira arreta nahasteetan aurkitzen ditugun sintomak. Arreta jartzeko, jesarrita egoteko edo bere burua kontrolatzeko arazoak dituzten pertsonak aurkituko ditugu.
Hiru TDA mota daude:
- TDA arreta ezaren nagusitasunarekin
- TDA hiperaktibitatearen nagusitasunarekin
- TDA konbinatua. Gehien ematen dena

Hedapena

Eskoletan haurren %5ak aurkezten dituzte arreta nahasteak eta mutilengan neskengan baino gehiago ematen dira.

Sintomak

Zaila izaten da gurasoentzat TDA bat zehaztea, normalean ume guztiak zenbait momentutan adigakorra (arreta eza), ondorioak pentsatu gabe jokatu (inpultsibitatea) edo gehiegizko aktibitatea (hiperaktibitatea) erakusten dutelako.
Hona hemen sintoma bakoitzeko zenbait agerpide:

Arreta eza:
- Xehetasunei ez die beharrezko arreta eskaintzen
- Akatsak egiten ditu oharkabean
- Zuzenean hitz egiten zaionean entzuten ez duela dirudi
- Ez ditu argibideak jarraitzen
- Ez ditu bere zereginak amaitzen
- Zeregin zein aktibitateak antolatzeko zailtasunak
- Ahalegin mental jarraitua eskatzen dituzten zereginak
- Askotan gauzak galtzen ditu
- Erraztasunez galtzen da

Hiperaktibitatea
- Gehiegizko mugimendua, batez ere esku eta oinetan
- Sarritan jesarrita egoteak eskatzen dituen egoeretan altzatzen da
- Salto eta korrika hasten da horretarako aproposak ez diren egoeretan
- Bere aisiaz lasaitasunez goxatzeko arazoak ditu
- Motore bat izango balu bezala jokatzen du
- Larregi hitzegiten du

Inpultsibitatea
-Erantzunak azkartzea galdera amaitu baino lehen
-Txanda gordetzeko zailtasunak izatea
-Besteen jarduerak moztu edo hauetan sartzeko joera dauka

2007-05-16

Mikelen esperientzia

Mikel 4 urteko ume bat da garun paralisia daukana. Amak haurdun zegoenean rubiola izan zuen eta horregatik jaiotzatik dauka gaixotasun hau. Aurten, herriko ikastolara bidaliko dute gurasoek, bizitza integratu bat nahi dutelako beraien semarentzako. Hala eta guztiz ere, argi dago Mikel ez dela beste ume guztiak bezalakoa, berak gaixotasun nabarmen bat dauka eta horregatik, eskolan esku-hartze berezi bat egingo diote.

Mikeli eskolan hurrengo esku hartzea egingo zaio:

Eskolara iritsi aurretik, eskolaren eragina izan dezaketen ezaugarri pertsonal esanguratsuen balorazio bat egin beharko da, haurraren egoera ahalik eta hobekien ezagutzeko. Gero eskolatzea erabakiko da.

Eskolako esku-hartzean profesionalen arteko talde baten beharra dago (logopeda fisioterapeuta, laguntza-irakaslea…). Horrela, aditu bakoitzak bere ekarpena egin dezake haurraren gaitasun guztiak programa integratu eta global batetik bultzatzeko.
Ikastetxean oztopo asko daude garun paralisia daukaten umeentzako, horregatik egokitzapen batzuk egitea komenigarria izango litzakete. Adibidez:

- Oztopo fisikoak kentzea, teknologia baxuko baliabide materialen erabilera, idazteko, marrazteko, komunikatzeko, baliabide informatikoak erabiltzea. Hitz egiten ez duten ikasleen kasuan lagunduriko komukazio sistemak erabiltzea. Antolamenduzko konponbideak bilatzea eta baliabide pertsonalen laguntza.
- Curriculumeko zenbait eduki moldatu edo desagerraraz daitezke, hau da, curriculumaren egokitzapen esanguratsu bat egin daiteke. Ohiko proposamen hauek ordenagailu egokitu baten erabilerari buruzko edukiekin ordezkatzea. Ezin hitz egin dezaketen ikasleen kasuan ahozko adierazpenari dagozkion edukiak ezabatzea, horien ordez beste adierazteko bide batzuen ingurukoak sartuz: zeinuen hizkuntza, hizkuntza digitaleko ordenagailua…

Umearen arreta lantzeko teknikak ere badaude eta landu behar ditugu, adibidez ikaslea jarrera egoki batean dagoela, kontzentrazio estrategiak menperatzen erakutsiko zaio.

Garrantzitsua da bigarren mailakoa dena identifikatzen eta, begirada, arreta jarri behar duen objekturantz zuzentzen erakutsiko zaio, batez ere ahozko baliabideak erabiliz, laguntza fisikoak ezinbestekoak direnean erabiliko dira.

Haurrari ekintzetan inplikatzeko aukera emango zaio, pixkanaka arreta mailaren eskariak handituz eta arreta jartzearen prozesuaz kontziente izaten lagunduz. Ekintza bat aurerra eramateko ematen dituen pausu guztiak ozen errepikaraziko zaizkio. Azkenik, hobekuntza guztiez kontziente izaten lagunduko zaio, beti ere motibazioa lortzeko.

2007-05-15

Garun paralisia

Definizioa

Garun paralisia, 2 edo 3 urteko adina baino lehen garatutako nerbio-sistema zentralaren lesio ez-jarraitu batek eragindako mugimenduaren eta jarreraren arazo iraunkorra da.

Behin betiko arazo neurologikoen multzo bat biltzen du. Hala ere, beraien zeinuak denborarekin alda daitezke, garunaren plastikotasuna dela eta: Garuna, Nerbio Sistema Zentrala funtzionalki eta estrukturalki berregituratzeko gai da, kaltetuak izan ez diren atalek kalteak jasan dituztenen zenbait funtzio bere gain har baititzakete. Garun paralisia eragin ditzakeen arazoek larritasun maila ezberdinak izan ditzakete, beso edo esku batena edo ahoko zonaldearen mugimendu finetan gerta daitezkeen arazo txikietatik hasi eta burua atxikitzeko, idazteko ezinbestekoak diren esku edota besoen mugimendu selektiboak gauzatzeko arazo larrietara iritsi artea.

Kausak

- Hereditarioak
- Umetokian jasatakoak: amak gaixotasun bat jaso duelako haurdunaldian (rubeola adibidez).
- Jaiotzatiko aldagaiak
- Jaiotza ondorengo lehenengo haurtzaroan izandako istripuak (garunean izandako odol isuriak…)

Sintomak

Sintomak umearen arabera aldagarriak dira, garun paralisia oso konplexua delako eta garun paralisi mota ezberdinak daudelako, baina orokorrean hauek izaten dira:

- 2 hilabeteko haurrek:
Umea altzatzerakoan ezin du burua artez mantendu
Umea altzatzerakoan hankak artazi baten moduan okertu egiten dira
- 6 hilabeteko haurrek:
Umea altzatzerakoan burua artez mantendu ezinik jarraitzen du
Zeozer heldu nahi duenean esku batekin saiatzen da eta bestea enpuñatuta mantentzen du
- 10 hilabeteko haurrek:
Esku eta hanka bat bakarrik erabiltzen dute, beste aldekoak arrastaka
Ezin dira beraien kabuz eseri
- 12 hilabeteko haurrek:
Ezin dute lau hanketan ibili
Geldirik daudenean ezin dira eutsi
- 24 hilabeteko haurrek:
Ezin dute ibili
Gurpilezko jostailuak ezin dituzte bultzatu

Aholkuak

Aholkurik garrantzitsuena umearen heziketa da, garun paralisia daukaten arren, lehenengotik BLISS sistema eta KPSa erabiltzen dute komunikatzeko. Beraien gurpil aulkian taulatxo bat eramaten dute marrazkitxoekin, eta hauek seinalatzen komunikatzen dira besteekin. Ume hauek frustazio ikaragarria sentitzen dute, gehienetan zeozer nahi dutenean inork ez dielako ulertzen, horregatik askotan haserretu egiten dira eta horretarako balio dute komunikatzeko bi sistema hauek.

2007-05-14

Nahaste bipolarra

Definizioa

Gogo aldarte (estado de ánimo) nahasketen bornean kokatzen da Nahaste Bipolarra. Nahaste mota hau dutenek, aldi edo fase euforiko edo maniakoa eta ondoren aldi depresiboa izaten dute. Erreakzio hauek, gogo aldartea erregulatzen duten mekanismoak ez dutelako behar bezala funtzionatzen ematen dira. Ondorioz, gogo-aldartearen gora-beherak sortzen dira; umorearekiko aldaketa bortitz eta desproportzionatuak, honetaz gainera, ondorengo alderdietan eragina du nahaste bipolarrak: sentimenduak, pentsamenduak, afektua, jarrera eta osasun fisikoa.

Nahaste bipolarraren kausa edo zergatia, endogenoa da, hau da organikoa edo biologikoa eta ez psikologikoa. Beraz, Biopolar hitzak dioen bezala, bi polo ezberdin nagusi dira nahaste honen adierazle: mania eta depresioa.

Sintomak

Mania (fase euforikoa)

- Ongizate eta euforia sentimendu desproportzionatuak eta justifikatu gabeak
- Nagusitasun delirioak
- Kontzentratzeko zailtasunak
- Norbere ahalmenei eta aukerei buruzko sinesmen irrealak
- Hiperaktibitatea
- Erlaxatzeko edo geldirik, ezer egin gabe egoteko zailtasunak
- Irritabilitatea
- Lo egiteko beharraren murrizketa (hiru ordu bakarrik lo)
- Pentsamendu azkarrak
- Jokabideak, beragan ohikoak ez diren jokabideak egiten ditu
- Heriotzari buruzko pentsamenduak edo/eta bere buruaz beste egiteko saiakerak

Depresioa

- Arreta eta kontzentrazioa gutxitzen dira
- Norbere baitan biltzea, isolamendua
- Errunduntasun sentimendua
- Gogoko dituen ekintzetan ez interesatzea
- Norbere buruarekiko konfidantza galtzea
- Erabakiak hartzeko ezintasuna
- Norbere burua gutxiestea
- Energia eta bitalitate maila jeistea
- Autoetima baxua
- Suizidio ideiak eta saiakerak




- Agorafobia: etxetik irteteari beldurra, nahiz eta beste batekin atera

2007-05-12

Aitorrekin musikaz gozatuko dugu

Aitorren egoera

Aitor hamaika urteko ume Bilbotarra da. Duela sei urte baino gehiago hiperaktibitatea zuela konturatu ziren. Bere gurasoak eta irakasleak hasiera batetik asko inplikatu ziren bere heziketa ezin hobea izan zedin. Eta lortu ere egin zuten, Aitorrek laguntza asko jasotzen du, motibatu egiten dute etengabe eta garrantzitsuena, lasaitasunez tratatzen dute urduri jarri gabe eta berarekin lasaitzeko teknikak erabiltzen dituzte.

Botikak ere hartzen ditu, metifenidatoa hartzen du duela hilabete pare batetik.

Ekintza

Aitorrekin musika lasaia entzungo dugu,bera bere burua kontrolatzen hasteko, musikaz gozatzeko eta bera lasaitzeko. Erlaxatzeko ariketa bat bezala izango da.

Erabiliko den estrategia

Aurkituko dugun oztoporik nagusiena arreta da. Beraz, hainbat teknika erabiliko ditugu bere arreta mantentzeko.

Ekintzaren prestaketa berarekin egin nahi dugu, berak ekintza berea sentitu dezan, musika bion artean aukeratu, non egingo dugun aukeratu… Une honetan, erabakiak hartzeko bere arreta ezinbestekoa izango dugu.

Ekintzak hiru saiotan banatuko ditugu:

1.saioa: berarekin bilduko gara, gure planteamendua azalduko diogu eta bere onarpena eta kolaborazioa bilatuko dugu.
2.saioa: ariketaren prestaketa egingo dugu.
3.saioa: musika entzungo dugun eguna da.

Hiperaktibitatea

Definizioa

Jokatzeko era natural bat da, zeinetan umeek orokorrean egonezinaz, arreta faltaz eta bulkadaz jokatzen duten.

Bestalde, ume jokaeraren aztorapena, geldirik egoteko ezintasuna agertzen duena, momento oro mugimenduan egonik, nahiz lo egon.

Hedapena

Orokorrean eta datu ofozialen arabera gutxi gora behera umeen %5-ak pairatzen du gaixotasun hau. Nabarmenak dira gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak: hiru gizonetik batek hiperaktibitatea pairatu dezake eta bestalde, hamar emakumetatik bakar batek soilik pairatu dezake.

Sintomak

- Egonezina, bere eserlekuan mugitzen egotea.
- Bere eserlekutik altxatzea.
- Korrikan eta saltoka ibiltzea
- Jende gehiagorekin jolasteko zailtasunak
- Gehiegi hitz egitea
- Erantzunak arinegi ematea
- Bere txanda gordetzeko zailtasuna
- Jendearen elkarrizketaldiak mozten ditu
- Hizjariokeria
- Arreta mantentzeko zailtasunak

Aholkuak (guraso eta profesionalei begira)

- Egoeraren jabe izan behar dugu eta arazoari erantzun egokiak eman behar dizkiogu.
- Ez omen da ona pasibotasunez hartzea eta denborak esaten duenari itxarotea
- Jakin behar da medikamentuek laguntzen dutela, baina hori bezain garrantzitsua laguntza hezitzailea da

2007-05-11

Bullyng

Zer da?

Bullyng-a behin eta berriz errepikatzen den pentsaturiko jarrera bat da, neska mutiko batek edo talde batek biktimari min egiteko asmoz. Portaera erasotzaile eta diskriminatzaile hauek oso ondorio larriak dituzte bai jasaten dituztenengan eta bai reagiten dituztenengan. Hau areagotu egiten da adin txikikoengan. Bestalde aipatu beharra dago eraso mota desberdinak daudela:

- Indarkeri sinbolikoa: mota honek, gizakien artean dauden lotura psikikoak hondatzen ditu. Lotura sinboliko hau ezin da ikusi begi bistaz zehatz metas, elkar emanekin, hitzekin eta topaketekin eratuta baitago. Lotura sinbolikoak, pertsonen arteko harremanak sortzeko eta gogortzeko ahalmena du, eta lotura horiek dira beste pertsonak hautematea egiten dutenak. Horiek gabe, alboko pertsona, ez zen pertsona bezala hautemango, gauza bat bezala baizik. Eta azken hau izango da bortxakeria sinbolikoaren adibideetako bat.
- Indarkeri larria: hauek errazago antzematen dira. Legez definitutako jarrera eta ekintza sozialez ari gara kasu honetan, zeinak pertsonaren osotasun fisiko zein psikikoaren kontra egiten duen.

Eta hauen barruan kokatzen dira beste hiru mota hauek:
- Indarkeri fisikoa: jo bultzatu, aurreko biak egingo dituzula mehatxatu, zerbait ezkutatu, zerbait egitera behartu…
- Indarkeri berbala: ezizenak jarri, iseka egin…
- Indarkeri soziala: Ez hitz egitea, pertsona bati buruzko gezurrak zabaltzea…
Azken bi hauek psikologiko bezala ere ezagutzen dira.

Tratamendua

Ikuslea bazara:
- Bere gurasoei edo maisuei kontatzen animatu behar duzu.
- Biktimak ez baldin badu nahi hitz egin, norbaitek bere tokian hitz egitearen ideia planteatu.
- Ikusle edo biktima izanda ez hartu mendekua zure esku.

Biktima bazara
- Erasotzailea ignoratu behar duzu, ez egin negarrik bere aurrean, hori baita berak nahi duena eta.
- Erantzunak gogorrak eta lasaiak izan behar dira eta ahal bada komentario bat egiten dizunean txiste bihur ezazu.
- Egoera horretatik urrundu zaitez eta joan heldu bat dagoen tokira.
- Garrantzitsuena: hitz egin ezazu heldu batekin.
Pausu hauek ezin badituzu bete:
- Psikologo batekin kontaktuan jarri, lehenengo zure ikastetxekoarekin eta ondoren kanpoko batekin.
- Aldatu zaitez ikastetxetik.

Hala ere, garrantzitsua da biktima aurreko pausuak egiten ahalegintzea ,erasotzaileari aurre eginez, beregan segurtasuna badu autoestima igoko duelako.

Aholkuak (biktimarentzat)

- Ez zaitez bakarrik ibili.
- Eskolako autobusean eseri zaitez gidariaren albotik.
- Ez eraman klasera gauza baliotsu edo dirurik.
- Marka itzazu zure gauzak tinta indeleablearekin lapurtzen badizute ere.
- Konfiantzarekin jokatu. Burua gora altxatu eta kontaktu bisuala mantendu.
- Ondo pentsatu esango dizkiozun erantzunak.
- Zure desberdintasunez arro egon behar zara.
- Lagunekin denbora asko pasatu, eduki ezean saiatu egiten.
- Eguneroko bat eraman, sentitzen duzun guztia idatzi, egiten dizutena edo ikusten duzuna ere bertan idatzi.

2007-05-10

Dislaliak

Dislalia, alterazio zentral nahiz periferikoak ez dituen 4 urtetik gorako haur batek fonema bat ahoskatzeko duen asaldura iraunkorra da (iraunkorra diogunean, errepikapen isolatuetan eta testuinguru silabikoa edozein delarik ere gertatzen dela esan nahi dut).

Artikulaziorako zailtasunak desfase kronologiko txikiek eragindakoak dira eta eskolan antzemango dira horiek. Beste batzuetan, iraunkorragoak izango dira eta esku-hartze berezia beharko dute, logopeda bat adibidez.

Elkarreraginerako irizpideak

- Komunikazioa ez da etengo ahoskatze arazoagatik, nahiz eta hauek larriak izan.
- Ez dira haurraren emisioak etengo, zuzenketak egiteko.
- Bukatu duenean, eredua eskainiko zaio (ondo ahoskatutako hitza) era naturalean (ez zuzenketa zuzena balitz bezala).
- Ez zaio errepikaraziko (gaizki esan duenean edo era egokian errepikatu zaionean).
- Haurrak ziur egon behar du berak ondo ala gaizki esan gora-behera, berak dioena dela gehien interesatzen zaiguna.
- Xehetasun guztiak zaindu, porrotak, segurtasun ezak eta inhibizioak eragiten dituzten arazoak saihesteko.
- Ez zaio behin eta berriz eskatuko bere akatsak zuzen distan (logopeda saioetan zenbait hots ondo esatea lortu arre neta ikasgelako irakasleak hori jakin arren, lortutakoa eremu guztietara zabaltzeko hainbat denbora beharko du oraindik.

Balorazioa egiteko irizpideak

- Fonema jakin batzuk ez dira esaten; hauen ordez, aurreko bokala luzatzen da edo isilune bat azaltzen da.
- Fonema bat beste batek ordezkatzen du (2 urte eta erdira arte normala da /s/,/z/eta /c/ fonemak /t/ fonemarekin ordezkatzea: “topato” esatea “zapato”-ren ordez. Ohiko beste ordezkapen batzuk: “ceceo”, “seseo” (leku jakin bateko mintzairaren ezaugarri ez direnean), /f/ fonema /p/ edo /z/ fonemekin ordezkatzea, /k/ /t/ fonemarekin ordezkatzea.
- Fonema bat distortsionatu edo beste batekin ordezkatzea, haurraren hizkuntzaren sistema fonetikoari ez dagokion “soinu” batekin. Ondoko hauek dira ohikoenak gaztelaniaz: /r/ fonemaren ahoskatze frantzesa (eztarriko errotazismoa) eta /s/z/ch/ edo hauetakoren bat mihia ahosabaira itsatsirik eta airea albotik atereaz ahoskatzea.

Dislalia nahaste fonologico batekin nahas daiteke, baina dislalian mugimen koordinaziao eta mugimen-eskema akastun baten ikaskuntza da arazoa. Nahaste fonologikoan, berriz, entzumen-bereizketa eta fonemen denbora-tratamendua da, hizkuntzaren hitzekin erlazionatutako sekuentzia baten barruan (Adibiderik ohikoenak: silabak eta fonemak ez esatea; emendatzea; metatesia edo fonema batzuen ordena aldatzea “tonicias” esatea “noticias” en ordez.; ordena silabikoa aldatzea “tefoleno” esatea “telefono”ren ordez.

2007-05-07

Down sindromea edo adimen urritasuna

Zer da down sindromea?

Alterazio genetiko bat da eta ezgaitasun hau duten pertsonek 57 kromosoma dituzte (ohikoena 46 izatea da).Trisonia 21 izenaz ere ezagutzen den gaixotasuna da. Pertsona hauen koefiziente intelektuala (K.I) oso baxua izaten da honen arabera sailkatuz:
- Leuna: 50-70 -erako K.I
- Moderatua: 35etik 49rako K.I
- Gogorra: 20tik 34rako K.I
- Oso gogorra: 20 baino gutxiagoko K.I.

Hedapena

Gaixotasun hau jaiotzekoa da, Espainian 32.000 pertsona afektatu daudela kalkulatzen da gutxi gorabehera. Sindrome hau agertzeko arriskua ehun jaiotzatik batekoa da. Sindrome honekin jaiotzen direnen artean, hirugarren parteak defektu kardiako larriak dituzte eta honek portzentaia handi bat hiltzea du ondoriotzat.
Sintoma nagusiak:
- Burua handiegia, txikia edo deformatua
- Begiak, aurpegia edo gorputzeko beste atalen bat itxura arraroarekin
- Esku laburrak, zapalak, hatzamar motxak...

Ezaugarriak
a) Ikasketak erritmo lasaiagoan eramaten ditu
b) Ez du arreta denbora luzez mantentzen
c) Ekintzetarako interes gutxi izaten dute
d) Sarritan ezin dituzte ekintzak bakarrik burutu
e) Inguratzen duen guztia ezagutzeko nahia mugatuta dauka
f) Ezagutu eta egin duena gogoratzea kostatzen zaio
g) Ez dira antolatzen eguneroko ekintzak ikasterakoan
h) Emandako aginduei erantzuten geldoak dira
i) Ez zaio bururatzen egoera berria aurkitu edo asmatzea
j) Arazo berriak konpontzeko zailatasunak ditu
k) Aurreko ekintzetan arrakasta izan badu, hobeto ikas dezake
l) Egindako ekintza positiboa denean, gehiago interesatzen da
m) Ekintzan parte hartze aktiboa badu, hobeto ikasiko du

Aholkuak

Down sindromea edo beste era bateko atzerapen mentala duen haur bat izanez gero, oso garrantzitsua da hazten doan heinean, beste haurrek baino laguntza gehiago izatea. Haur hauentzako, testuinguru egokia baliagarria da.

Lehen esan bezala, Down sindomea duen haur batek, ez du haur normal batek bezalako inteligentzia maila garatuko; baina hauek ere hitzegiten, bakarrik janzten, familiakoekin egoten, beste haur batzuekin harremanak izaten... ikas dezakete.

2007-05-05

"El pequeño niño salvaje" bideoa

Artikulu honetan, "El pequeño niño salvaje" bideoaren laburpen eta komentario batzuk sartuko ditut. Hezkuntza munduan arituko garen guztiok egoera hau ezagutzea interesgarria iruditzen zaidalako. Zergatik? Arazoak (txikitatik animalia moduan bizi izan den haur bat gizarteratu behar da) suertatzen direnean, nola jokatu eta nola ez jokatu ikasteko.

Bideoaren hasieran, ehiztariak txakurrekin irtetzen dira umearen bila, baina umeak zerbait egiten dio txakurrari eta ihes egitea lortzen du. Hasierako eszena honetan iadanik umea animalia gisa tratatzen dutela ikusten da. Hala eta guztiz ere, laister harrapatzen dute Con-eko basoan 11-12 urteko haur bat, erdi gorra eta erdi mutua. Gehien garatua duen zentzua usaimena da, eta gero, gustua, ikusmena eta taktuak jarraitzen diote. Zaratarik handienaren aurrean ez du erreakzionatzen, baina bai ordea, norbaitek intxaur bat apurtzen duenean. Haurrak gorputzean 15 zikatriz ditu, gehienak animalien hainkadek sortuak. Hasiera batean, gor-mutuen ikastetxe batera eramaten dute, non beste haur batzuekin topo egin behar duen. Jendeak haur hau ikusteko nahia duenez, bisitak egiten dira jendeak ikusi ahal izateko. Hemen argi eta garbi ikus dezakegu haur hau ez dela ume bat bezala kontsideratzen, baizik eta “mono de feria” moduko zerbait izango balitz bezala tratatzen dutela.

Pixka bat geroago, gizon batek haur honen istorioa entzuten du eta asko interesatzen zaio; ondorioz, bere etxera eramaten du edukazio bat emateko. Haurra pixakanaka-pixakanaka soinuak entzuten doa eta Victor izena jartzen diote. “O” eta “U” hizkiak daramatzaten izenak entzuten ditu gehienbat. Agua, Leche… bezalako izenak errepikatzen dituzte bere aurrean. Umeari ariketa asko eginarazten dizkio gizonak eta horregatik “atake” ugari izaten ditu. Ariketak irudiak konparatzea, alfabetoko hizkiak ordenatzea… dira. Ariketa bat ondo burutzean, gizonak baso bete ur ematen dio haurrari sari moduan, ura asko gustatzen bait zaio.

Nik pelikula hau ikustean izugarrizko pena sentitu dut, ume horrek behar duen berotasuna eta maitasuna neronek emateko beharrizana sentitu dudalako. Honekin, haurraren autoestima jaistea besterik ez dute lortuko. Umearentzat oso gogorra izan behar da bere ohiko bizimodutik (basoan aske eta bakarrik) beste mundu oso ezberdin batera horrela igarotzea, eta hori nahikoa izango ez balitz, animalia edo laborategiko esperimentu bezala tratatzen dute.

Asko harritu nauena negarrarena izan da. Umea hezitzen denboraldi bat igaro ondoren, umeak negar egiten du zigor bezala gizonak logela ilunean sartzen duenean. Hezkuntza hau jaso baino lehen, umeak oihu egiten zuen eta esan bezala heziketa prozesu horretan, tristuraren sentimendua negarraren bidez adierazten hasten da, hau gizartean ikasi bait du.


Lehen esan bezala, ez zait egokia iruditzen umeari irakurtzen, idazten… irakastea, beste sentimendu batzuk garatu gabe dituenean, umearen alde afektiboaz gehiago kezkatu beharko lirateke. Pelikularen hasieran azaltzen dena oso gogorra iruditu zait, jendeak ordaindu egiten duenean umea ikusteko, zoologikoko animalia izango balitz bezala.

Amaitzeko, neskamearen papera garrantzitsua iruditu zait, galduta eta bakarrik sentitzen den mundu horretan neskamearen maitasuna sentitzen duelako haurrak eta hori medikuaren aldetik ere horrela izan beharko zen; aita bezala ere jokatu beharko lukeelako eta ez momentu oro mediku bezala.

Kontzentrazio falta

Kontzentrazio falta gaur egun irakaskuntzan zuzenki eragiten duen arazoetariko bat da. Nahiz eta ikasleek ikasterakoan aurkitzen duten arazoetariko bat izan, ez zaio behar den beste garrantzia ematen.

Kontzentrazioaren bitartez, adimenak eta gorputzak batera funtzionatzen ikasten dute, energi fisiko edo mentala alferrik galdu gabe. Hau da, arrakasta ziur baten iragarpena onartzen duen egoera hobezina.


Kontzentrazio eta arreta falta, besteak beste, dislexiaren ondorioetako bat izan daiteke.
Orain arte pentsatu izan da, kontzentrazio falta arazo psikikoa zela. Baina azken hamarkadetan burututako ikerketek adierazten digute ez dela gaixotasun bat, baizik eta, hainbat faktorek (arazo pertsonalak,nekea, motibazio falta, irakasteko modua…) eragindako eragozpen bat dela ikasterako orduan.

Kontzentrazio eza hainbat faktorerengatik eman daiteke:

1.Norberaren buruarekiko konfiantza eza: Autoestima baxua duen pertsona batek bere talentuak gutxietsiko ditu ( ezin dut, ez dakit…) eta besteek ez dutela baloratzen sentituko du. Akatsak eta mugak onartzeko zailtasuna ere nabarmena da. Bere buruaz eta bere lorpenei buruz ezkorki hitz egingo du. Gehiegizko autokritika gogorra egingo du eta errudun sentituko da. Autoestima txarrak eragiten du, arazoei aurre ez egitea edo egitekotan, zailtasunak konfiantza gutxirekin gainditzea. Beraz, erronka berrien aurrean atzera botako da eta huts egiteko beldur izugarria izango du.

2.Motibazio eza: Motibazioak ikaskuntza errazten du eta osagai erabakigarria da ikasterako orduan. Motibazioa, helburu bat lortzeko ahaleginak mantendu eta aktibatzeko balio duten prozesu psikologikoen multzotzat defini dezakegu. Ikasteko, lorpen-motibazioa edo autoefikazia bakoitzak bizi duen unearen araberakoa izango da. Motibazio ezaren ondorioa da gure buruarekiko gutxiespena, hau da, ez gara gai ikusten bakoitzaren gaitasunak ezagutzeko eta honek, zuzenki eragiten du guk ikasteko jartzen dugun ahaleginean eta honekin batera kontzentrazioan. Beraz, kontzentrazioa lortzeko, motibazioa ezinbesteko faktorea dela esan dezakegu. Hau da, ikaslearen motibazioa zenbat eta handiagoa izan, hobeto kontzentratuko da eta ikasi beharrekoa errazago barneratuko du.

3. Presioaren eragina: Ikasleok presiopean ikastean, gure kontzentrazio maila zuzenki eraginda suerta daiteke. Hau da, ikasteko zailtasunak dituen ikaslearen kasuan, presioak bere kontzentrazio maila oztopa dezake ikasteko erabili behar duen metodologia zein den argi ez duelako. Hala ere, beste ikasle batzuek beraien kontzentrazio maila mantentzeko eta ikaskuntza on bat lortzeko presioa funtsezko faktoretzat izango dute. Presiopean beraien gaitasun eta ahaleginak hobeto aprobetxatzen dituztelako.

4.Arazo psikologiko edo pertsonalak( barneko eta kanpokoak):
Ikasleon portaera nahasi gehienen jatorria, norberaren eta inguruak eragindako arazoengan aurki dezakegu. Ikaskuntza eraginkor bat lortzeko, bakoitzaren barneko egoera nolakoa den kontutan hartu behar da. Egoera hori hain ona ez bada (nekea, gosea, estresa…) , ikasleon kontzentrazio maila ezin izango delako erabatekoa izan. Aldiz, barneko egoera ona bada, ikasleok motibatuago sentituko gara eta ondorioz, emaitza hobeak lortuko ditugu.

Baina argi dago, kanpoko motibazioan, estimulazioak bereziki, eginkizun erabakigarria duela ikasterako orduan. Ikaste prozesuan, ikasleak ez ezik irakasleak, gurasoek… ere paper garrantzitsua jokatzen dutelako.

5.Arreta: kontzentrazio arazoak dituzten ikasleei zaila suertatzen zaie arreta mantentzea. Hau gertatzearen arrazoia gehienetan izaten da, haurrak bere atentzio guztia ez duelako irakaslea ematen ari den azalpenean jartzen. Hau da, sarritan ikasleak bere atentzioa lehenago gertatu zaion edo gertatzeko dagoen ekintzaren batean zentratzen du. Era honetan, bere ikasteko gaitasuna nabarmen jaitsiko da bere pentsamendua beste toki batean dagoelako. Beraz, oso garrantzitsua dela haurraren motibazioa piztu eta indartzen duten ekintzak edo egoerak ematea adierazi behar dugu. Ekintza motibagarrien bidez, haurra estimulatuko dugulako eta estimulazio honen bidez haurrak bere buruarengan ziurtasun handiagoa edukiko duelako. Ondorioz, kontzentratzeko arazo gutxiago izango duelarik.

6.Irakasleak ikaslearengan jartzen duen arreta: kontzentratzeko arazoak dituen ume batentzat oso garrantzitsua da irakasleak ikasleengan interesa jartzen duela sumatzea. Honela gertatu ezean, ikaste prozesuaren aurrean ikaslearen motibazioa baxuagoa delako eta kontzentratzeko arazoak izango dituelako. Beraz, ikaskuntza egoki bat lortzeko, beharrezkoa da irakasleak ikasleari ikasteko aurkitzen dituen zailtasunen aurrean laguntza ematea.

7.Ikaslea hiperaktiboa izatea: Ume hiperaktiboek “haur arruntek” baino arreta mantentzeko arazo gehiago dituzte.Hau da, denbora luzez eserita egoteko zailtasunak izaten dituzte, bukatu gabeko ekintza batetik beste batera erraztasunez pasatzen dira eta adi egon eta haien txanda itxaroteko ere zailtasunak dituzte. Ondorioz, beraiek kontzentratzeko egin behar duten ahalegina “ikasle arruntena” baino handiagoa izango da.

8.Haurraren inguruak duen eragina: Haurraren kontzentrazio mailan bereziki inguruko hiru faktorek eragiten dutela aipatu behar dugu: gurasoak, eskolak eta gizarteak.

- Gurasoak: Gurasoek haurraren gaitasunak behar bezala baloratzen ez badituzte, haurrek beren gaitasunak gutxietsiko dituzte eta era honetan, ikasteko motibazioa galduko dute beraien buruarekiko mesfidantza sortuz.

- Eskola: Eskolak ere gurasoek bezala, haurraren heltze prozesuan zuzenki eragingo du. Bere zeregina, ikasleari bere gaitasun propioak zeintzuk diren ikustaraztea eta hauek erarik efizienteenean erabiltzen irakastea izango delarik.

- Gizartea: Gizarteak, bizi garen mundu honetan, eredu batzuk eraikitzen ditu eta eredu hauen barne ez dauden pertsonei ezberdin bezala tratatzen zaie. Hau dela eta, gelan, eredua jarraitzen ez duten haurrak (lodiak, betaurrekodunak, itsusiak, ikasteko arazoak dituztenak…) egotean, baztertuak sentituko dira, beraien autoestima jaitsiz eta zenbait kasutan antsietate edo depresio egoerak emanez.