2007-05-05

Kontzentrazio falta

Kontzentrazio falta gaur egun irakaskuntzan zuzenki eragiten duen arazoetariko bat da. Nahiz eta ikasleek ikasterakoan aurkitzen duten arazoetariko bat izan, ez zaio behar den beste garrantzia ematen.

Kontzentrazioaren bitartez, adimenak eta gorputzak batera funtzionatzen ikasten dute, energi fisiko edo mentala alferrik galdu gabe. Hau da, arrakasta ziur baten iragarpena onartzen duen egoera hobezina.


Kontzentrazio eta arreta falta, besteak beste, dislexiaren ondorioetako bat izan daiteke.
Orain arte pentsatu izan da, kontzentrazio falta arazo psikikoa zela. Baina azken hamarkadetan burututako ikerketek adierazten digute ez dela gaixotasun bat, baizik eta, hainbat faktorek (arazo pertsonalak,nekea, motibazio falta, irakasteko modua…) eragindako eragozpen bat dela ikasterako orduan.

Kontzentrazio eza hainbat faktorerengatik eman daiteke:

1.Norberaren buruarekiko konfiantza eza: Autoestima baxua duen pertsona batek bere talentuak gutxietsiko ditu ( ezin dut, ez dakit…) eta besteek ez dutela baloratzen sentituko du. Akatsak eta mugak onartzeko zailtasuna ere nabarmena da. Bere buruaz eta bere lorpenei buruz ezkorki hitz egingo du. Gehiegizko autokritika gogorra egingo du eta errudun sentituko da. Autoestima txarrak eragiten du, arazoei aurre ez egitea edo egitekotan, zailtasunak konfiantza gutxirekin gainditzea. Beraz, erronka berrien aurrean atzera botako da eta huts egiteko beldur izugarria izango du.

2.Motibazio eza: Motibazioak ikaskuntza errazten du eta osagai erabakigarria da ikasterako orduan. Motibazioa, helburu bat lortzeko ahaleginak mantendu eta aktibatzeko balio duten prozesu psikologikoen multzotzat defini dezakegu. Ikasteko, lorpen-motibazioa edo autoefikazia bakoitzak bizi duen unearen araberakoa izango da. Motibazio ezaren ondorioa da gure buruarekiko gutxiespena, hau da, ez gara gai ikusten bakoitzaren gaitasunak ezagutzeko eta honek, zuzenki eragiten du guk ikasteko jartzen dugun ahaleginean eta honekin batera kontzentrazioan. Beraz, kontzentrazioa lortzeko, motibazioa ezinbesteko faktorea dela esan dezakegu. Hau da, ikaslearen motibazioa zenbat eta handiagoa izan, hobeto kontzentratuko da eta ikasi beharrekoa errazago barneratuko du.

3. Presioaren eragina: Ikasleok presiopean ikastean, gure kontzentrazio maila zuzenki eraginda suerta daiteke. Hau da, ikasteko zailtasunak dituen ikaslearen kasuan, presioak bere kontzentrazio maila oztopa dezake ikasteko erabili behar duen metodologia zein den argi ez duelako. Hala ere, beste ikasle batzuek beraien kontzentrazio maila mantentzeko eta ikaskuntza on bat lortzeko presioa funtsezko faktoretzat izango dute. Presiopean beraien gaitasun eta ahaleginak hobeto aprobetxatzen dituztelako.

4.Arazo psikologiko edo pertsonalak( barneko eta kanpokoak):
Ikasleon portaera nahasi gehienen jatorria, norberaren eta inguruak eragindako arazoengan aurki dezakegu. Ikaskuntza eraginkor bat lortzeko, bakoitzaren barneko egoera nolakoa den kontutan hartu behar da. Egoera hori hain ona ez bada (nekea, gosea, estresa…) , ikasleon kontzentrazio maila ezin izango delako erabatekoa izan. Aldiz, barneko egoera ona bada, ikasleok motibatuago sentituko gara eta ondorioz, emaitza hobeak lortuko ditugu.

Baina argi dago, kanpoko motibazioan, estimulazioak bereziki, eginkizun erabakigarria duela ikasterako orduan. Ikaste prozesuan, ikasleak ez ezik irakasleak, gurasoek… ere paper garrantzitsua jokatzen dutelako.

5.Arreta: kontzentrazio arazoak dituzten ikasleei zaila suertatzen zaie arreta mantentzea. Hau gertatzearen arrazoia gehienetan izaten da, haurrak bere atentzio guztia ez duelako irakaslea ematen ari den azalpenean jartzen. Hau da, sarritan ikasleak bere atentzioa lehenago gertatu zaion edo gertatzeko dagoen ekintzaren batean zentratzen du. Era honetan, bere ikasteko gaitasuna nabarmen jaitsiko da bere pentsamendua beste toki batean dagoelako. Beraz, oso garrantzitsua dela haurraren motibazioa piztu eta indartzen duten ekintzak edo egoerak ematea adierazi behar dugu. Ekintza motibagarrien bidez, haurra estimulatuko dugulako eta estimulazio honen bidez haurrak bere buruarengan ziurtasun handiagoa edukiko duelako. Ondorioz, kontzentratzeko arazo gutxiago izango duelarik.

6.Irakasleak ikaslearengan jartzen duen arreta: kontzentratzeko arazoak dituen ume batentzat oso garrantzitsua da irakasleak ikasleengan interesa jartzen duela sumatzea. Honela gertatu ezean, ikaste prozesuaren aurrean ikaslearen motibazioa baxuagoa delako eta kontzentratzeko arazoak izango dituelako. Beraz, ikaskuntza egoki bat lortzeko, beharrezkoa da irakasleak ikasleari ikasteko aurkitzen dituen zailtasunen aurrean laguntza ematea.

7.Ikaslea hiperaktiboa izatea: Ume hiperaktiboek “haur arruntek” baino arreta mantentzeko arazo gehiago dituzte.Hau da, denbora luzez eserita egoteko zailtasunak izaten dituzte, bukatu gabeko ekintza batetik beste batera erraztasunez pasatzen dira eta adi egon eta haien txanda itxaroteko ere zailtasunak dituzte. Ondorioz, beraiek kontzentratzeko egin behar duten ahalegina “ikasle arruntena” baino handiagoa izango da.

8.Haurraren inguruak duen eragina: Haurraren kontzentrazio mailan bereziki inguruko hiru faktorek eragiten dutela aipatu behar dugu: gurasoak, eskolak eta gizarteak.

- Gurasoak: Gurasoek haurraren gaitasunak behar bezala baloratzen ez badituzte, haurrek beren gaitasunak gutxietsiko dituzte eta era honetan, ikasteko motibazioa galduko dute beraien buruarekiko mesfidantza sortuz.

- Eskola: Eskolak ere gurasoek bezala, haurraren heltze prozesuan zuzenki eragingo du. Bere zeregina, ikasleari bere gaitasun propioak zeintzuk diren ikustaraztea eta hauek erarik efizienteenean erabiltzen irakastea izango delarik.

- Gizartea: Gizarteak, bizi garen mundu honetan, eredu batzuk eraikitzen ditu eta eredu hauen barne ez dauden pertsonei ezberdin bezala tratatzen zaie. Hau dela eta, gelan, eredua jarraitzen ez duten haurrak (lodiak, betaurrekodunak, itsusiak, ikasteko arazoak dituztenak…) egotean, baztertuak sentituko dira, beraien autoestima jaitsiz eta zenbait kasutan antsietate edo depresio egoerak emanez.

No hay comentarios: